XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- BERDELA.- Bazterrean lagatzera ohituta gauden horietakoa da berdela.

Otsailean hasita, primaderan ugari izaten da gurean.

Azken urteotan, egiten duen prezio merkea dela eta, Italia aldera eramaten da gehiena irina egiteko.

Hartu berritan jan behar izaten da berdela, pare bat egun nahikoa izaten baita soinean dituen kolore urdin-berdaska bizi eta ederrak aldatzeko eta okelaren tinkotasuna galtzeko.

Arrain urdinen artekoa da berdela.

Gantza %10etik gora baitauka bere giharretan.

153 kaloria ematen ditu 100 gramoko.

Prestatu, ostera, uda baino lehen prestatu behar da, orduantxe egoten da onenean.

Guri erreta gustatzen zaigu edo frijitu ostean tomate saltsa on batekin, baina behin xerratuta eta hezurgabetua delarik, lamina finetan ebakita, primeran geratzen da gatza eta piper hautsa egin eta limoi-ur eta oliotan beratzen jartzen bada pare bat ordutan hozkailuan. Beste arrain batzurekin nahastuta (xapua, legatza, txitxarroa...) gostu handia ematen dio arrain budinari.

- BERROA.- Berroa erreka bazterretako uretan sortzen den belarra da berez, gaur egunean haztegietan egiten badute ere.

Norberak bildutakoarekin adi ibili beharra dago, izan ere, gaitzak kutsatzeko halako dohaina baitaukate berroek.

Ur garbi-garbitan hazitakoak hartu behar dira eta hala ere etxean ondo baino hobeto garbitu ur txorrotaren azpian.

Hortik aurrera, entsaladan edota zenbait plateren lagungarri gisa, aparteko belarra dugu berroa, nola zaporez hala mesedez: gatzak ugari (potasioa, kaltzioa, burnia, sufrea eta sodioa); fibra askoduna eta A eta C bitaminaduna; odola garbitzeko aparta da bere baitan daukan iodo eta burniari esker eta txiza eragile bikaina da.

100 gramok ez dute 21 kaloria baizik ematen.

Erostera joaten bagara, oso freskoa erosi beharko dugu, kolore berde garbikoa eta hosto oso-osoak dituela.

Lehortzen eta horitzen hasitakoak baztertu berehala.